Search for content, post, videos

SABRINA OTEGUI | ARGENTINAN

Sabrina Oteguik, haren hitzetan, argentinar ainitz bezala: « koktel genetiko” bat darama. Amaren aldetik jatorri ingelesak ditu eta aitaren partetik euskaldunak (hegoaldekoak). Sabrinak 40 bat urte ditu eta orai duela 15 bat urte euskara ikasten hasi zen, borontate handiarekin eta izigarri fite ikasi zuen. Buenos Aireseko Euskal Etxean euskara irakasten du eta irakasleak formatzen ditu ere Euskara Munduan programaren baitan. Sabrina ez da hortan gelditzen, Euskaltzaleak taldean oso aktiboa da: panderoa jotzen du eta Euskaltzaleak-eko beste kideekin batean euskal kultura eta euskara Buenos Airesen eta Argentinan ezagutarazteko ekimen asko antolatzen ditu. Horrez gain, Euskalkultura webgunean kazetaria da (2007-tik), Argentinako eta hego ameriketako diasporaren berriak ematen dituena. Bukatzeko, Unibersitatean semiologia irakaslea da.

Buenos Airesen harekin hitz egiteko parada izan dut, Euskaltzaleak-en Euskal Etxean (Euskaltzaleak-ek 70 urte daramatza euskara irakasten Buenos Airesen) , euskarazko klasea baino lehen. (Elkarrizketa euskaraz egin dugu).

Egun on Sabrina, kondatzen ahal diguzu nola hasi zinen euskara ikasten?

Sabrina: Egun on, ni Pergaminokoa (Buenos Aireseko Probintzia) naiz eta badu 20 urte Buenos Airesen bizi naizela. Egia erran, Pergaminon bizi nintzelarik nire familiarekin ez ginen hango Euskal Etxera joaten. Oso guti nekien nire euskal jatorriei buruz. Linguistika eta semiologia ikasten nuelarik, irakasle batek euskararen adibidea eman zuen eta horrek gogoa eman zidan euskara ikasteko. Euskaltzaleak-ekin hasi nintzen, Laurak Bat Euskal Etxearen EGOITZAN ziren (berantago Euskaltzaleak-ek bere egoitza propioa lortu zuen) Urte bat beranduago “Argentinan Euskaraz” programan sartzea proposatu zidaten. Interesgarria iruditzen zitzaidan eta hasi nintzen.

Kondatzen ahal diguzu nola pasatu den zuretzat programa?

Sabrina: Bai, Programa horrek 25 urte ditu , baina duela 10 bat urte munduan zabaldu zen eta “Euskara munduan” izena hartu du geroztik. Nik hasi nuelarik oraindik “Argentinan euskaraz” zen. Klaseak eta barnategiak bagenituen. Urtean 2tan Euskal Herriko irakasle batzuekin biltzen ginen barnategietan, udako eta neguko oporretan.

Non egiten ziren barnategiak?

Sabrina: Gehienetan Buenos Aires-tik kanpo. Buenos Aires Probintziako Euskal Etxe batean edo urrunago: Cordoban adibidez.

Gero programa aldatu zen, “euskara munduan”, bilakatu zen. Nola pasatu zen zuretzat?

Sabrina: Klase gehiago ukan genituen on-line. Unitate birtualak genituen. Euskal Herriko irakasle batekin. Lanak bidaltzen zituen , egiten genituen eta berriz bidali, harek zuzentzen…

Programa bukatu genuelarik, talde osoa joan ginen Euskal Herrira barnategi batera, Lazkaora. Batzuk bi hilabete egon ziren eta beste talde bat 6 hilabete egon ginen.

Nik programa hasi nuelarik, aski zaila zen erregulitatea ukaitea, distanziarengatik, garai horretan ez ziren oraiko teknologia berri guztiak. Gero denborarekin hauek

Denbora berean hasi zinen klaseen ematen? Ez zen zailegi dena denbora berean egitea?

Sabrina: Bai, egia da, irakasle hasi nintzen hemen eta aldi berean programa egiten. Erronka handia izan zen. Lan asko. Ikasten nuen eta aldi berean ikasten nuena irakasten! Hastapenean nire ikasleak baino pixkat gehiago nekien bakarrik…zaila, baina egin dut eta ainitz ekarri dit. Irakasle gisa experientzia banuen, unibertsitatean irakaslea nintzen (semiologia irakaslea), horrek asko lagundu nau.

Orain klaseak ematen ditut Euskaltzaleak–en eta “Euskara Munduan” Programan, udako eta neguko barnategietan.

Ikusi dut Euskaltzaleak-ek Euskarazko klaseak “On-line” antolatzen dituela, nola pasatzen da?

Sabrina: Nik segitzen ditut “On-line” ikasleak. Euren hirietan edo euskal etxeetan euskara klaserik ez dutenei begira daude. Plataforma batera sartzen dira eta unitateak egiten dituzte. Aurrez aurreko klaseetan bezala, asko apuntatzen dira eta gero batzuk bidean gelditzen dira. Baina baditugu ikasle oso motibatuak eta onak ere bai. Nire ustez zailago da horrela ikastea, baina besterik ez duzunean, oso baliagarria da.

Horrez gain Panderoa jotzen duzu. Dantzariekin eta beste aktibitate batzuetan ere?

Sabrina: Bai dantzariekin, eta orai duela 3 urte triki poteok antolatzen hasi ginen, Euskal Herritik etorri zen bekadun batekin. Bon, ez da arras Euskal Herrian bezala, baina San Telmoko taberna batzuetara joaten gara. Talde bat, kantariak, musikariak, dantzariak… larunbat arratsaldean egiten dugu. Hemendik ateratzen gara Dorrego plaza arte. 7 edo 8 kale dira, aski luzea da. Plazan bukatzen dugu eta gero bueltan segitzen dugu kantatzen eta. Hori urtean zehar bi aldiz egiten dugu.

Bidai ezberdinak egin dituzu Euskal Herrira, zer ezagutu nahi zenuen? Zein ziren zure bidaien helburuak?

Sabrina: Bai 4 aldiz Euskal Herrira joan naiz. Joan naiz, batez ere, euskara ikasteko. Nire lehen bidaian 6 hilabete egon nintzen barnategian euskara ikasten. Euskararekin hasi nintzelarik, nire asmoa euskara ikastea zen, besterik ez. Hori izan zen 2006ko irailan, 2007ko martxoa arte egon nintzen. Gero programa bukatzean, 2008ko urtarilan, berriz joan nintzen 6 hilabeteko barnategi batera, Lazkaora. Pasatu nituen kasik 2 urte neguan, Argetinako negutik Euskal Herriko negura pasatzen ! Bigarren bidai horretan EGA atera nuen. 2010an, Gazte Mundurekin joan nintzen, euskara irakasleen Gazte Mundua izan zen. Gero nire azken bidaian Euskal Herria ezagutu dut ere. Egia da nire helburua orai arte euskara izan dela. Orai lasaitzen naiz eta beste gauza batzuei interesatzen naiz ere, panderoari adibidez. Orai euskara badakit eta polita iruditzen zait panderoa jotzea eta panderoa Euskal Herrian jotzea ere.

Zuk nola ikusten duzu Euskal Herria? Zure lehen bidaia baino lehen Euskal Herriaren irudi bat bazenuen seguraski, irudi hori aldatu da?

Sabrina: Bai, Euskal Herria pentsatzen nuena baino askoz modernoagoa zen, eta horrek harritu ninduen. Badakit Euskal Etxeetan dugun Euskal herriaren irudia batzutan faltsua edo idealizatua dela. Nik Euskal herrian …errango nuke ez dudala sekulan dantzari bat ikusi (irriak), ez dut sekulan dantza bat ikusi. Oroitzen naiz, aldi batez iritsi nintzen San Ignacio egunean. Hemen, urtero joaten nintzen Arrecifeko Euskal Etxera San Ignacio egunarentzat, euskal dantzak eta euskal dantzak. Pentsatzen nuen Euskal Herri osoan berdin zela, baina konturatu nintzen ezetz. Baina hori normala da, badakit idealizatzen dugula Euskal Herria eta gure ikusteko manera zentzu batean aldatu behar dugula.

Nik badakit irudi idealizatu bat banuela euskararekin, hori ere ikusi dut han nintzelarik, adibidez pentsatzen nuen denek euskara hitz egiten zutela eta bere garantzia ikusten zutela. Ohartu naiz ez zela hala. Han egindako euskal lagun batzuek adibidez ez dute ulertzen zergatik euskara ikasten dugun hemen. Ez dute ulertzen zergatik importantea den niretzat euskara jakitea. Ez dute ikusten nik euskaran ikusten dudana (irriak).

Euskal kultura eta errealitate sozio-politiko-ekonomikoari interesatzen zara ere?

Sabrina: Egia errateko , euskaran da nire interes gehiena. Hasi nintzelarik bakarrik euskara zen, kultura ere ikasi dut pixka bat, baina ez hainbeste. Zinez nire interes nagusia Euskara da.

Zure familian, zure burasoek eta anai arrebek interesa badute euskararentzat? Nola ikusten dute zuk euskararekiko duzun interesa?

Sabrina: Hasieran nire amak ez zuen sobera ulertzen zergatik euskara ikasten nuen. Gainera ingeleseko irakaslea da. Nik harekin ingelesa ikasi nuen. Nire aitaren aldetik, familia Vasco Española zen, bere euskal jatorriez harro zen, baina Vasco-Español eta aski kontserbadorea zen, bere familian ere bai. Askotan, Euskal Herriaz hitz egiten genuelarik ez ginen ados. Nire arrebak hitz batzuk ikasi ditu, saiatzen da, Comodoro Rivadavian bizi da (chubut). Han da Argentinako Euskal Etxe zaharrenetariko bat. Behin joan zen nirekin, besterik ez (irriak).

Nola definitzen duzu zure burua? Argentinarra, Vasco-Argentinarra….

Sabrina: Ni Argentinarra, badakit euskal sustraiak baditudala, baina ez dut harremanik hango familiarekin, nire amaren partez ingelesa. Ez dauzkat “8 apellidos vascos” (irriak), bat bakarrik daukat. Vasco: ez ez naiz, bestela ingelesa ere bai. Euskalduna bai, euskara hitz egiten dudalako, baina ez euskalduna edo vasco naizelako. Argentinarra naiz. Lotura handia daukat euskal diasporarekin, Euskal Etxe batekin, baina ez dut erraiten ahal Euskal Herriarekin lotura handia dudala, nire euskal lagunekin bai baina ez Euskal      Herriarekin. Euskararekin bai.

Azken galdera bat (euskara ikasleak sartzen ari dira), zer nolako harremanak dira eta sor daitezke Argentinako Euskal Diaspora eta Euskal Herriaren artean?

Sabrina: Nik uste dut, harremana aski konplikatua dela. Nik uste dut, orai arte, eta kasu batzuetan, egon den harremana oso paternalista izan dela, batez ere Euskal Gobernuarekin; hau da, euskal etxe batzuetan pentsatzen da baliabide guztiak kanpotik jaso behar dituztela. Beste askotan, ordea –eta hau da gainera gaur egungo joera– zinez lan egiten duten euskal etxe asko ere badaude. Nik uste dut oreka bat bilatu behar dela. Bestalde, batzuetan ez dut oso argi Euskal Herrian ze nolako interesa duten hemen egiten denarekin. Agian ez gaituztelako ezagutzen; horregatik egiten duguna jakinarazi behar dugu.

Milesker ainitz Sabrina zure denborarentzat! Beste bat arte !