Search for content, post, videos

INAKI ELIZONDO | MONTREAL-EN

Nor zira? Nun bizi zira? Zertarako?

Inaki Elizondo deitzen naiz, Urrunakoa naiz eta 27 urte dut. Orain Montrealen bizi naiz, duela urte bat joan nintzen Euskal Herritik Montrealerat.

Lanerako joan nintzen eta baita ere inguramenaz aldatzeko, jende berrien ezagutzeko…

Erizaina naiz ospitalean. Lana aurkitu nuen Parisetik, erizainen kongresu batean. Urtero kongresu hori antolatzen da Parisen eta han edozein herrirat joateko parada daukagu. Gure izena eta hautua adieraz ditzakegu eta nik Montrealen hautua egin nuen orduan.

Bisako paperak lanekoek egin dizkigute, eta pagatu baita ere. Bisa bi urterentzat daukat. 2015 eko apirila arte.

Euskaraz ari zira han ? Nola ? Eta euskal kultura han praktikatzen ote duzu ? Euskal Etxe hurbilena nun da ?

Montrealen Euskal Etxea badago eta ondorioz euskaraz ari naiz Euskal Etxekoekin batez ere. Lagunak egin ditut Euskal Etxean eta haiekin ateratzen naiz. Familiarekin ere, euskaraz ari naiz, skype bitartez askotan. Baina eguneroko bizitzan ez dut euskara erabiltzen, lanean ere ez, eta nire pisukidearekin erezta.

Euskal Kultura praktikatzen dut Euskal Etxeko aktibitateen bidez hala nola arraunan, tamborradetan, Euskal etxeak antolaturiko Korrika denboran, afarietan…

Euskal Etxetik kanpo, ez dut beste euskaldunik ezagutzen Montrealen.

Zer da zure eguneroko bizia han?

Nire lana nahiko aldakorra da, ordutegiak aldatzen ahal dira baina orokorki lan baldintzak onagoak dira Europari konparatuz. Diru gehiago bada hemen sektore horretarako. Hobekiago pagatuak gira, espezialitate ainitz bada, lana ezberdina da.

Hemen “Brunch” etara joatea gustatzen zaigu eguerditan edo arratsaldez. Udan plazergarri da festibal asko dagoelako kanpoan, adibidez Place des Arènes-en edo denetan karriketan, karrika batzuk hetsiak baitira horretarako. Metroan ere animazio ainitz bada. Egia erran udan oso animatua da bizitza. Neguan haatik pixkat zailago da, nahiz eta festibalak egon ere (“Montréal en lumières” adibidez), turista gutxiago bada, jendea ez da luzaz kanpoan egoiten, hotzagatik batez ere.

Hotzak eta argi gutxiak eguneroko bizia gogortzen du neguan.

Han ezagutzen dute Euskal Herria edota Iparralde ? Zer diote ?

Kebekiarrek ez dute hainbeste ezagutzen Euskal Herria baina azkar uler dezakete gure egoera han berdintsua baita : haiek frantses eta ingelesaren arteko kalapita dutelako. Euskalduna izatea, “Québécois” izatearekin hurbil da.

Zer da han maite duzuna ? Ez duzuna maite ?

Bizi baldintzak onak dira, bidaiatzeko oso zentrala da Montreal, Mexikora joateko oso merkea da, Estatu Batuetara joaiteko ere oso errexa da. New York aldera autobusez joan gaitezke, merke da eta horrela gauza interesgarri ainitz deskubri ditzakegu.

Giro aldetik, eskasean senditzen dut euskal giroa. Goiz hasten dute pesta eta goiz bukatzen. Usu etxeetan elkartzen dira. Egia erran, pesta egiteko nahiago nuke Euskal Herrian egon.

Halere taberna onak badira Montrealen, eta aktibitate ainitz antolatzen dira hockey kirolaren inguruan.

Maite ez dudana familiatik eta lagunengandik urrun izatea da. Elikagai batzuk ez ditut merke aurkitzen hemen: gasna, arnoa, garagardoa. Ez da Donostian bezala !

Euskal Herrirat itzultzeko ideia duzu ?

Oporrentzat Ehrat sartuko naiz hiru astez. Montrealen egonen naiz visa bukatu arte. Egia erran ez

daukat EH ra sartzeko asmoa orain, baina Europatik hurbiltzeko bai.

Gaurko egunean Bakersfield en zaude, zergaitik ?

Montreal eko Euskal Etxeak galdegin daut Euskal Etxea errepresentatzea NABO ko topaketan, hemen, Bakersfielden. Hiru egun berezi antolatuak izan dira, Kern County Basque Club en 70 urtemuga kari. Hemen, gure aktibitateak aipatu behar ditut beraz. Parada da ere beste Ipar Amerikar Euskal Etxe edota cluben ezagutzeko eta kontaktuen hartzeko. Hemen pasa ditudan hiru egunak baliagarriak izan dira, ainitz jan dugu eta jende ainitz ezagutu.