Search for content, post, videos

ANDER | ESTATU BATUETAN

Ander Egiluz Beramendi naz. 1984an, Leioan (Bizkaia) jaioa. Kazetaria naz eta orain Los Angelesen (Kalifornia, AEB) bizi naz. Profesionalki gauza barriak probatzearren, eta ikasi eta haztearren etorri nintzan Ameriketara, orain duela urte bi.

Zure ibilbidea Estatu batuetan zoin da?

Lehenengo Bakersfield-en izan nintzan bertako Euskal Etxean euskera irakasten, haur eta nagusiei, eta CSUB unibertsitatean euskal kultura, Euskal Herriaren historia eta euskera irakasten. Esperientzia aberasgarria izan zan, euskal kulturaren beste aurpegi bat ezagutu nebalako eta, bestalde, eskolak emoten neban lehen aldia izanda, ikasleengandik zenbat ikasi daikezun ikusi nebalako. Asko, asko ikasi neban eurengandik, bai eta geure herriaz, eskolak prestatzen nebazanean. Zeure munduari buruzko beste perspektiba bat hartzen dozu kanpoan zauzenean, are gehiago zeure munduaz ezer ez dakien bati horri buruz berba egin behar deutsazunean.

Euskaraz ari zira han? Euskal kultura han praktikatzen ote duzu?

Bakersfielden euskal kultura gehiago bizi neban, argi dago, Los Angelesen baino. LAn ez daukat lagun euskaldun askorik. Ameriketako jendeagaz, edo hemen oso aspaldi bizi diran europarrakaz ibiltzen naz gehienetan. Halandaze, kazetari lez, Ameriketako euskaldunen berri emoten dot hainbat komunikabidetan. Beraz, telefonoz berba nahikotxo egiten dot herrialde osoko euskaldunekaz. Baina hain leku erraldoia izanda hau, asko eta asko ezin dodaz aurrez aurre ezagutu. Batzuetan, halandaze, saiatzen naz euskal lagunekaz batzen edota Euskal Etxeren batera hurbiltzen. Gehienetan Bakersfieldera joaten saiatzen naz, hurbil daukadalako eta jendea ezagutzen dodalako. Baina ez naz askotan joaten.

Eta euskeraz hemen gitxi, familia eta lagunekaz Skype eta Whatsapp bidez ez bada. Bertan bizi diran lagun euskaldunekaz ere egiten dot, baina ez da eguneroko kontua, ezta gitxiago be.

Zer da zure eguneroko bizia han?

Hemen bizitzeko lan asko egin behar da oro har eta, esango neuke, kazetari bezela, freelance moduan arituta, oraindik eta gehiago egin behar dala. Baina saiatzen naz astero gustuko dodan lekuren batera joaten, edota plan bereziren bat egiten. Los Angelesetik urrun joan barik hamaika leku dagoz deskubritzeko. Eta hori ederra da.

Han ezagutzen dute Euskal Herria ? Zer diote ?

Danatarik dago, baina Euskal Herriaz baino, euskaldunez zeozer dakitenak dagoz hemen. Lagun bat daukielako edo euskal sukaldaritza ezagutzen dabelako, batik bat. Munduko mapan kokatu ahal gaituzten amerikarrak ez dira hainbeste, kar, kar. Badagoz ere, jakina, San Ferminengatik ezagutzen gaituztenak, edo futbolagatik, edota Bilboko Guggenheim-agatik. Badagoz ere Euskal Herria Kataluniagaz nahasten dabezanak. Politika kontuengatik izaten da sarri, baina ez beti. Deigarria egiten jata hori.

Zer da han maite duzuna ? Ez duzuna maite ?

Los Angelesen mundu osoko “ordezkariak” gagoz. Hamaika hizkuntza, hamaika zapore, hamaika kultura eta ohitura. Hori ederra da. Horrek kultura eta aisialdi eskaintza ederra dakar. Pena da, askotan, garestiak izaten dirala horreek. Oso uri garestia da Los Angeles, eta hori bada alde negatibo bat. Danatarako autoa behar izatea ere bada nekagarria. Baina gitxien gustatzen jatana da aberats eta txiroen arteko aldea oso handia dala. Mundu mailako aberatsenetarikoak bizi dira hemen, bai eta kalean botata gosea pasatzen daben asko. Muturreko kapitalismoaren paradigma da AEB. Txarrerako…

Euskal Herrirat itzultzeko ideia duzu?

Nahiko neuke, bai. Baina neskalaguna suitzarra da eta 20 urte daroaz LAn bizitzen. Honi buruz berba egiten dogu batzuetan, eta Europara itzuli nahiko gendula nahiko argi daukagu. Euskal Herrira nahiko neuke nik joan, baina ez da alde bakarreko erabagia hori, kar, kar.