Hilabete huntan 26 urteko baxenafar gazte batek Estatu Batuetan ukan duen esperientzia kondatuko digu. Eneko Chohobigarat-ek urte bat eta erdi Arkanansas–en pasatu du, Little Rock herrian. Orain berritz Euskal Herrira sartua da.
Egun on Eneko, kondatzen ahal diguzu zein izan den zure ibilbidea Estatu Batuetarat ailegatu baino lehen ?
Eneko : Armendaritztarra niz, nere goimailako ikasketak Bordelen egin nituen, ingenieritza arloan. Nere ikasketak bukatu eta, lana aurkitu nuen enpresa batean, eta parada eman ditate Estatu Batuetarat joateko, haien hango enpresa batean lan egiteko. Horregatik Little Rock-erat joan nintzen, Arkansas-eko hiriburua dena.
Nola pasatu da hara joateko?
Eneko: Epresak du dena antolatu, paperak, « visa » hitz ordua enbaxadarekin, bidaia, den dena. Ainitz gazte hara igortzen dituzte ikasteko eta ikusteko nola pasatzen den han. Gero postu bat proposatzen digute Frantzian.
Apartamendu bat prestatzen zidaten han, nik ez dut ezer egin, ezer bilatu. Izigarri erraza izan da neretzat.
Joan naiz urte bat eta erdiko kontratu mugatu batekin. Gero han proposatzen zidaten egotea hango kontratu batekin, baina nik galdegin dut sartzea eta Frantzian postu bat ukaitea. Xantza ukan dut, postu bat ukan dut Euskal Herrian, Angelun.
Han zinuen lana interesgarria zen zuretzat?
Eneko: Bai biziki, aeronotikan lan egiten nuen, hegazkin ttipiak egiten ginituen, “business Jet” (Jet d’affaires) motakoak, 10 eta 20 arteko pertsonentzat eginak. Hegazkin horiek Frantzian eginak dira, baina barnea (amenagement intérieur delakoa) Estatu Batuetan egiten da. Frantzian eginak dira, gero airez Estatu Batuerat etortzen dira eta han barne guzia egiten da.
Nik lan egiten nuen ikerketa bulego batean (bureau d’études), hor hegazkinaren barne osoa marrazten zen eta nere misioa zen lotura egitea bulegoa eta barnea instalatzen zuten langileekin. Metodoen (méthodes) departamentuan nintzen. Behar nituen ikusi eta konpondu langileek ukaiten zituzten arazo guziak instalaketa denboran. Eta beraz ikusi nola hobetzen ahal ginituen instalazio molde horiek, diseinua aldatu edo hobetu…
Inglesa bazenekien joan baino lehen?
Eneko: (Irriak), untsa ez, eskolan ikasi nuen baina gehiena han bertan ikasi dut, gainera hitz bereziak ikasi ditut lanarentzat.
Egia da hitz teknikoak ikasi izan behar ditut eta hastapenean zailena hango hitz egiteko manerari edo akzentoari usatzea izan da. Estatu Batuetako hegoaldean akzentu berezi bat badute. Ez da batere New York edo Kaliforniako hitz egiteko molde berdina.
Egia da hastapenean zaila zela; lana berria zen, hizkuntza ere, kulturalki ere dena berria zen neretzat. Gero lan eginez dena aski fite hobetzen duzu hizkuntzaren aldetik, ez baduzu hobetzen ezin duzu lan egin, ez duzu hauturik.
Baziren beste Euskaldun edo frantses batzu zurekin han?
Hango jendea xintxoa zen zurekin?
Bai denak oso gixakoak ziren.
Kondatzen ahal diguzu nola zen bizia han:
Eneko: Erran behar dut bizia frango goxoa zela, han egia da dena egina dela bizi goxoa ukaiteko, dena aski erraza da. Bankuan kontua idekitzeko erraza zen, auto bat aurkitzea ere… Aroa goxoa zen ere. Klima kondinentala, udan bero eta hotz neguan.
Hango jendeak ezagutu dituzu ere?
Eneko: Bai, lan tokian gazte ainitz baziren; batzu amerikanoak, baina ere atzerritar frango, Brazildarrak, Mexikanuak, Frantsesak… Giroa oso multikulturala zen.
Hastapenean hango giroaz edo bizi moduaz usatu behar da, baina aski erraza da egia erraiteko.
Zer maite zinuen hango bizi moduan, hemendik ezberdina dena ?
Eneko : Hanburgesak (irriak), ez, gehienik maite nuena zen « cow-boy » giroa, eta jendea biziki gixakoa, dena egina dela bizia errazteko. Jendeek bizia beti alde onean hartzen edo ikusten dute. Oso positiboak dira.
Denbora ukan duzu beste lekuen ezagutzeko?
Eneko: Bai, asko, nere lan kontratua frantsesa izanik oporrak nituen hemen bezala, beraz beste estatu batzu ezagutu ditut; Blues festival batera joan nintzen Menphis ondora, Country festival batera joan nintzen Dallas ondora, hango giroak ezagutzeko. New York eta Kalifornia ezagutu ditut, baita ere Mexikarat joan nintzen.
Bon, gero Arkansas ez dut haien ederra aurkitu Euskal Herritik jinik, ez da mendirik, ez hondartzarik… Ez du deus berezirik. Planoa da, oihana ainitz, eta aintzirak.
Asko maitatu dudana esperientzia horrekin, gauza berri ainitz ezagutzea izan da, leku ezberdin ainitz bisitatzea, errazki mugitzea leku batetik bestera.
“Expatrié” (atzeritar) bizi hori, mugatua izanki, oso erraza zen. Gainera frantses lan baldintzekin.
Han Euskal etxe bat ezagutu duzu?
Little Rock-en ez, ez dut Euskaldunik aurkitu.
Han egin lagunak edo zurekin lan egiten zutenek Euskal Herria ezagutzen zuten?
Eneko: Ez (irriak), ez gehienek ez batere. Oroitzen niz, bati erran niolarik Euskal Herritik jiten nintzela erran zidan « Istanbul ondoan? » (Irriak). Baina, batzuek, guttik, bai bazekiten nun edo zer zen Euskal herria.
Euskal Herritik zer eskas zinuen?
Eneko: Familia gehienik eta haur denborako lagunak, hemengo kultura eta giroa, hizkuntza, musika, dantzak, pesta… Itsasoa, mendia… Janaria.
Janariaren aldetik ez ditugu batere ber usaiak, hemengo janaria eskas nuen, ez da ber kalitatezkoa.
Joaten zirelarik, hor zira ohartzen hemen dugun guztia eta zer eskas duzun. Neretzat lehen aldia zen luzaz joaten nintzela. Beste bidaia batzu egin nituen baina laburak herri batzu bisitatzeko; Irlanda, Guyana Frantsesa…
Orain Angelun lan egiten duzu, nahi zinuke berriz atzerrirat joan?
Eneko: Orain ez, baina geroago denbora mugatu batean, urte bat edo birentzat zergaitik ez, gehiago ez dut uste. Ez dakit, orain ez dut batere programatua, lanaren arabera eginen dut ere.
Milesker Eneko zure lekukotasuna emanik!