Search for content, post, videos

IRAULTZA PARTARRIEU | COOK UGARTEETAN

Nor zira?

Iraultza Partarrieu deitzen naiz, Hazpandarra naiz, Baionan sortua eta 33 urte dut. Duela zortzi urte Cook ugarteetan finkatu naiz, Rarotongan, Tahiti ondoan den ugarte tipi batean. Han bizi naiz nire familiarekin, nire senarrarekin Eric, eta nire bi semeekin : Uhain eta Haize.

Zer egiten duzu han?

Ama bat naiz % 100, Uhain eta Haize bixkiak dira eta lau urte ospatu dute aurten. Lan handia da ! Eta bestalde nire senarra laguntzen dut ardurapean dugun surflari etxe baten zaintzen, garbitzen : « Boog House ». Bisitarientzat sukaldatzen dut baita ere. Duela bi urte, etxe horretan errezibitzen ditugu surflariak eta Eric-ek, hura bodyboard profesionala izanki, ugartean dauden surf spot onetara eramaiten ditu. Mundu guziko surflariak ezagutzen ditugu, interesgarria da.

Zergaitik EH-tik joan zarete?

Hastapenean ez gira arras joan Euskal Herritik. Ainitz bidaiatu dugu munduan zehar Eric en aktibitateer esker, bodyboardlari gisa. Garai hartan nik Bodyboard magazineentzat lanean ari nintzen, argazkilari gisa. Horrela ezagutu ditugu Cook ugarteak eta izigarri gustokoak ukan ditugu. Hango bizimodua batez ere, jendeak, kultura, lasaitasuna. Urte batetik bestera, harat itzuli gira. Azken finean, erabaki dugu gure familia han finkatzea. Ene haurrak ez dira han sortu, itzuli beharra izan genuen bixkiak bait ziren. Pauen sortu dira ondorioz. Eta zonbait hilabete ondoren, Rarotongara itzuli gira. Untsa gira han.

Zer ezberdintasun ikusten duzu EH eta zure leku berriaren artean? Zergaitik toki hori hautatu duzue?

Aroagatik lehenik ! Ez dugu negurik han, urte guzian eguzkia dugu. Urte osoan kanpoan bizi gira, hondartzan, mendian, naturan esate baterako. Ugartea ttipia da (35 kmko itzulia kostaldetik), sobera islatua izan gabe. Adibidez, ezin genuke Filipinetan bizi. Badugu beharrezkoa duguna han, sobera ukan gabe, hemen ez bezala, eta nik hori dut maitatu hango bizitzan. Orain Euskal Herrian naizela oporrentzat, atsemaiten dut hemen dena oso « eroa »  dela, dena fite doala, jende gehiegi, denak presatuak direla, lan eta lan, denborarik ez… eta jendeak etxe barnetan bizi dira. Horrez gain kontsumitzera bultzatuak gira hemen eta han ez da batere horrela, edo bederen arras guttiago. Han, Cook-etan, denda arras gutti dago

Nola bizi zarete Cook ugarteetan?

Mundutik urrun bizi gira, askatasun bat irabazi dugu alde hortarik eta hori maite dugu.

Biziki sinpleki bizi gira, etxe sinplea dugu mueble arras gutirekin, haatik itsasotik biziki hurbil dena. Fruitu ainitz ditugu baratzean eta hortarik bizi gira gehien bat. Uste dut, hemen dugun bizimodua, Euskal Herrian bizi izan dela duela berrogeitahamar urte. Kanpoan bizi gira, naturan eta denbora badugu. Kalitatezko denbora badugu, ez dugu bidean denborarik galtzen adibidez. Naturarekin harreman zuzena dugu, errexa da. Elikatzeko ohiturak aldatu ditugu, han genuenarekin egokitu dugu. Ez dugu kasik gehaigo sukre industrialik jaten, hemen dena sukrez beterik dago ! Nire haurren hortzek sufritzen dute hemen !

Euskara erabiltzen duzu han? Nola?

Bai, haurrekin euskaraz hitz egiten dut. Aita frantsesez ari zaie eta eskolan, ingelesa eta maoria ikasten dute.

Eta nik euskara erabiltzen dut emailetan, lagunekin. Internet bidez errexa da ere euskaraz irakurtzea baina ugartean, internet ez dugu mugagabean, ordu kopurua mugatua dugu.

Ingelesa gehiago ikasten dut baina ez naiz kezkatua euskararekiko, ez zait iruditzen hainbeste galtzen dudanik.

Euskal kultura praktikatzen duzue han?

Bai ! Pilotan ari gira han, murru batzuen kontra. Eta sukaldatzean ere EH-ko plater batzuk erakusten dizkiet hango biztanleer : oilaskoa saltsan, taloak… Han bertan aurkitzen baditut beharrezkoak ditudan produktuak, plazer handirekin prestatzen ditut. Dantzan ari gira haurrekin eta kantuz baita ere !

Nola pasatzen da hango biztanleekin? Maoriekin?

Maoriekin biziki ongi pasatzen da ! Haiengana joan girelako hastapenetik seguraski ! Eta Eric ek denbora ainitz pasa du haiekin, urean, surfatzen. Haien anaia bezala tratatzen dute. Horrezgain gure bizimodua laster ulertu dute eta onartu, haiena bezalakoa zelako.

Zelanda Berriko jendearekin ezberdina da, haiek, usu, garaile bezala iristen direlako ugarterat. Ez dira integratzen.

Maoriek eta hango beste biztanleek Euskal Herria ezagutzen zuten?

Batzuek bai ! Batez ere han bizi diren Tahitiko biztanleek, haiek ere frantses administrazio pean direlako eta amets berdinak partekatzen ditugulako.

Euskal Herrirat itzultzeko gogoa?

Ez da gure planoetan egia erran. Untsa gira han.