Search for content, post, videos

ESTHER CIGANDA | EUSKAL HERRIAN

Hilabete honetan, aitzinekoekin konparaturik ezberdina den lekukotasun bat proposatu nahi dizuegu. Eusko Diasporak Esther Cigandaren ezagutza egin du. Esther, Estatu Batuetan (Washington estatuan) sortu eta hazi den emazte gaztea da. Bere bi burasoak nafartarrak izanez, Euskal Herriaren ezagutzeko gogoa izan du beti. Euskara ikasi du eta urte batentzat euskal herrira etorri da bizitzerat. Galdera batzuk pausatu dizkiogu jakiteko piska bat zer den bere istorioa eta nola aurkitzen duen bizitza Euskal Herrian. (elgarrizketa euskaraz egina izan da)

Noiztik Euskal Herrian bizi zira eta zergatik?

2014ko irailetik Hendaian bizi naiz, hastapenean pentsatu nuen urte bat egotea. Boisen lan egiten dut irakasle bezala, zientziak (biologia eta kimika) eta espainola irakasten ditut. Urte sabatiko bat hartu dut, nire hango lanpostua atxikiz. Irailean nire urte sabatikoa bukatuko da eta erabaki beharko dut: sartu edo urte bat gehiago egon! Ez dakit oraindik, pentsatzen ari naiz.

Euskal Herrira etorri naiz zeren eta aspaldiko amets bat zen niretzat, pentsatu dut : orain egin behar dut! Nire ikasketak bukatzean deia amets hori banuen, 24 urteetan. Baina segidan lana aurkitu nuen, lehenik nire herrian eta gero Boisen, transizio amets bat bezala zen, eta gero erabaki nuen nire 40 urteetan nire lehen ametsa errealitate egin behar nuela!

Nire bi burasoak nafartarrak dira, Nafarroan sortuak eta lanarentzat Estatu batuetarat gazte joan ziren. Han ezagutu eta ezkondu ziren. Aitak euskaraz bazekien, baina amak ez, beraz etxean espainolez eta ingelesez egiten genuen. Zonbait aldiz etorri gara Nafarroara familia ikustera. Nire aitaren herria ez zen hain desberdina, baina amarena bai, mendian.

Beti Euskal herria maitatu dut eta horretarako nahi nuen hemen bizi bederen urte batez.

Biziki ongi euskaraz hitz egiten duzu, non ikasi duzu?

Duela 8 urte joan nintzen Boisera lan egiteko, han banituen lagun ainitz, euskal bestetan ezagutuak, Boisen euskaldun asko bada.

Duela 4 urte etorri nintzen Euskal Herrirat munduko pala txapelketarentzat, lehenik Pauen eta gero beste partida batzuentzat Durangora. Konturatu nintzen 7 urte pasatu nituela Euskal Herrira etorri gabe. Durangon erabakia hartu nuen euskara ikastea. Boisera sartzean nire izena eman nuen euskara klase batean. Ordu bat astean, zaila zen zeren eta ez zen lehen mailako klaserik, 3.mailakoekin nintzen, hasieran ez nuen deus ulertzen. Udan joan nintzen barnategi batetara Maizpidere, eta gero klaseekin segitu nuen eta urtero barnategi bat. Horrela ikasi nuen, gogoa nuen euskara ikasteko! Eta lortu dut. Hasieran gramatika ikasten nuen zientzia formula bat bezala! Banekien erraiten baina ez nuen ulertzen erraiten nuena! Ja ja!

Zergaitik Hendaia hautatu duzu bizi leku bezala?

Ni ttipitan baserrian bizi nintzen eta luzaz egon naiz nire herrian, baserri ondoan. Beraz hasieran pentsatzen nuen Donostian, hondartza ondoan bizi nahi nuen, baina ez nuen aurkitzen apartamendu bat prezio on batean aparkaleku batekin, autoa nahi nuen mugitzeko. Nahi nuen bakarrik bizi ez kolokazio batean.

Lagun baten bidez apartamentu hori aurkitu dut Hendaian, ongi zait, hiri ttipi eta lasaia da, hegoaldetik hurbil, Lazkaon lan egiten dut. Nire ametsa hondartza ondoan bizitzea zen. Maite dut hondartza, eguzkia, bon hemen ez da beti eguzkia baina hor delarik hondartzara joaten ahal naiz laster! Maite dut bizikletaz ibiltzea, hemen oso ongi da horrentzat.

Maizpiden nintzelarik joan den udan, barnategian, lana aurkitu nuen Lazkaon, ingelesa irakasteko eskola batean, haurrekin, 16 ordu lan egiten dut astean, gehi 4 ordu klase partikularak ematen ditut. Hendaiatik aski erres da hara joatea, autobidetik, pixka bat luzea, baina ez da arazorik.

Egia erran hastapenean pentsatu nuen hegoaldean bizitzea, Donostian edo Hondarribian, baina pozik naiz Hendaian azkenean. Giroa desberdina da hegoaldean baina, gauean ez da jende handirik kalean hemen, astean zehar lanetik berant sartzen naiz orduan berdin zait. Asteburuetan mugitzen naiz askotan, familiaren ikustera, Baionara, aurkera asko ditut mugitzeko.

Zer maitatu duzu hemen Euskal Herrian? Zer gauza berri ezagutu duzu?

Lehenik ezagutu nuen udako giroa, baina orai ikusi dut ere neguko giroa, gauza berri batzuk ezagutu ditut, Xiberoko maskaradak adibidez, lehen maskaradak ziren niretzat, polita izan zen. Tolosan Intxauriak, Donostian Santo Tomas eta danborrada. Biziki maitatu dut ere Korrika. Boisen ere korrika egiten dugu, baina oso polita izan da niretzat korrika hemen egitea, giroan izatea! Baionan eta gero Hendaian egin dut. 6 kilometro Baionan, gau pasa egin eta hemen etxe ondon pasatzen zen, beraz berriz egin dut Hendaian. Euria hasi zen baina hala ere jende asko bazen, Santiagoko zubia pasatu nuen, sua artifizialak baziren oso polita zen! Baionan oso azkar joaten zen eta Hendaian aldiz momento batez kasik ibiltzen ginen!

Egia erran nire bizia hemen maite dut, experientzia berriak, ez nuen sekulan ingelesa irakatsi haurrei, beti handiagoekin lan egin dut, 14-18 urte, hor ttipiekin lan egiten dut eta azkenean maite dut!

Denbora fite pasatu da, eta ongi pasatu dut, ainitzek esan zidaten : “ez da berdin udan etortzea eta gero urte osoa egotea”, “giroa ez da berdina”, “euria ainitz bada”, bai egia da baina ongi da ere dena ikustea, euria ainitz bada egia, baina eguzkia delarik hondartzara noa!

Zer zaila izan da zuretzat edo ikusi dituzun desberdintasun handienak Estatu batuekin zein dira?

Giro edo bizi erritmoa desberdina da. Adibidez hemen dendak berantako idekitzen dira goizetan, eguerditan hetsiak dira, igandetan ere. Ainitzetan hori ahanzten dut eta dendetara noa hetsiak direlarik… Estatu batuetan beti irekiak dira. Bankoak berdin.

Beste zerbait ere hemen jai egun asko bada, non dena hetsia den ere! Irringarria da. Hemen jendeak lan gutxiago egiten du. Estatu batuetan jendea bizitzen da lan egiteko, hemen jendeak lan egiten du bizitzeko, bizia egiteko. Bizia ikusteko beste modu bat da.

Zer falta duzu hemen zure hango bizitzaz?

Nik hemen falta dut nire kirola, han badut nire kirol taldea, nire futbol ekipoa, gehienetan joaten naiz partidoen ikustera, hori falta zait, beharrrik interneten ikusten ahal ditut ere.

Skypen bidez ere jendea deitzen ahal dut, eta hori ongi da ere, beharrezkoa dut ere hangoekin hitz egitea.

Han gehiago lan egiten nuen eta lana eta gero aktibitate ainitz banituen ere laguntzaile gisa, gazteak kirola ezberdinetan entrenatzeko, zientzia taldeetan, beti gauza asko egiten nuen. Kirola gehiago… erritmoa desberdina da. Hemen lasaiago naiz. Hori maite dut.

Hemen ez dut oraindik pala jokatu, badakit trinketea non den, baina lotsatua naiz bakarrik harat joatea. Joan nintzelarik bakarrik gizonak baziren eta hasi ziren “hauooo” eta horrelako gauzak esaten… gainera frantsesez ez dakit eta haiek euskara ez dakite. Behar nuke beste leku bat aurkitu palan aritzeko.

Hurrengo urtean hemen egoten banaiz, bai tennis edo palan arituko naiz, zeren eta faltan botatzen dut.

Milesker ainitz Esther gurekin hitz egiteko denbora harturik ¡! Nahi baduzute harekin palan jokatu gurekin harremanetan sartzen ahal zirezte!