Search for content, post, videos

EZTITXU HARIGNORDOQUY | BAKERSFIELD-EN

Nor zira ? izena, urtea, nungoa.

Eztitxu Harignordoquy naiz, Baigorrikoa. 23 urte ditut, 1990ean sortua. Ikasketak bukatu berri ditut, Baionako unibertsitatean Euskal Ikasketak egin nituen, eta Euskal Filologia eta Hizkuntzalaritzako masterra egin nuen Gasteizen.

Eta orain nun zira ? Zertarako?

Orain Bakersfielden naiz, Kalifornian, euskara irakasten Bakersfieldeko Euskal Etxean (Kern County Basque Club) eta unibertsitatean (California State University Bakersfield- CSUB). Sei hilabeterentzat etorri naiz, otsailaren hastapenetik uztaila arte. Euskara eta euskal kultura klaseak emaiten ditut euskal etxean helduei eta haurrei aldi batez astean, bai eta ere unibertsitateko ikasleei astean bi aldiz. Ekainaren 22tik uztailaren 4a arte, urtero antolatzen duten Udalekura ere joanen naiz euskara irakastera, aurten Elko-n izanen dena (Nevada).

Zergaitik EHtik kanpo joan zira ?

Euskal Ikasketak eginik, eta euskara eta euskal kulturaren inguruan lan egin nahi dutanez, esperientzia ederra litzatekeela pentsatu dut zenbait hilabetez euskara eta euskal kulturaren irakastera joatea Kaliforniara. Iparraldean, eta batez ere Baigorri inguruan, gehienek familia dugu Estatu Batuetan. Nire aitatxi adibidez, bost urtez ibili izan zen Wyoming-en, artzain. Orduan, zinezko interesa nuen Estatu Batuetako euskaldunen mundua ezagutzea.

Euskaraz ari zira han ? Nola ? Eta euskal kultura han praktikatzen ote duzu? Euskal Etxe hurbilena ?

Igandero, Bakersfieldeko Euskal Etxean haurreri euskara eta euskal dantza klaseak emaiten ditugu. Han, euskal kultura bizi bizia da: euskal dantza eta euskara klaseekin batera, jendea pilotan ari da, musean, kantuz, eta pintxo goxo goxoak ere jan ditzazkegu! Igandetan dut gehienik euskaraz hitz egiten, euskal etxean. Euskaldun ainitz poz pozik dira igandetan euskal etxean euskaraz hitz egin ahal izatea, gehienetan haien aukera bakarra delako euskaraz hitz egiteko. Halere, maiatzetik goiti, Estatu Batuetako euskaldunek euskal festibalak antolatzen dituzte, “Basque Picnic” deitzen dituztenak. Han ere, euskal kultura praktikatu dezakete, euskaraz hitz eginez beste amerikar-euskaldunekin, musean jolastuz, kantatuz, dantzatuz, etab. Niri ere ainitz gustatu zait Euskal Herritik hain urrun izanik euskal kultura hemen atxemaitea, euskal etxean eta “Basque Picnic” hauetan.

Picnica hauetara joatea saiatzen naiz, nahiz eta ez den beti errexa, hemengo distantziak haundiak direlako… Maiatzean, Bakersfieldekoa izan genuen, ekainaren hasieran, Ventura (Kalifornia)-kora izan nintzen, eta uztailaren 4an, Elko-ko picnicara joanen naiz, Udalekua eta gero.

Euskaldunekin esperientziarik han ?

Etorri baino lehen, ez nuen inor ezaguntzen Bakersfielden. Baina hastapen hastapenetik, Bakersfieldeko euskaldunek arrunt integratu naute haien artean, betidanik hemen bizi izan banintz bezala. Orduan, lagunak ere errexki egin ditut, amerikar-euskaldunak. Lagun haietariko batzuekin, martxoan New Yorkera joan ginen, aste batez! Bakersfieldeko inguruak ere ezagutarazten dizkidate, eta haiekin noa “Basque Picnic”etara.

Zer da zure eguneroko bizia han?

Lehenago erran bezala, igandero, 50 haurrei euskara klaseak emaiten ditut. Astelehen gauetan, ordu bat eta erdiz, euskal etxeko hamar helduei euskara eta euskal kultura klaseak emaiten ditut. Azkenik, astelehen eta asteazkenetan, unibertsitateko ikasleei euskara eta euskal kultura klaseak emaiten ditut. 10 ikasle ditut, ez direnak euskaldunak, eta klaseak hasi baino lehen, ez zekiten ezer Euskal Herriari buruz, ez eta ere euskarari buruz.

Ainitz gustatu zait hiru ikasle mota desberdinen ukaitea, adin eta jatorri desberdinak dituztenak. Hiru ikasle mota hauekin, esperientzia desberdina izan dut, eta hori oso aberasgarria izan da.

Han ezagutzen dute Euskal Herria edota Iparralde ? Zer diote ?

Bakersfieldeko euskaldun gehienek Euskal Herria ongi ezagutzen dute, batez ere Iparralde, gehienak handik datozelako, Baigorri ingurutik, edo Baztan aldetik. Euskal Herria biziki ederra dela diote, berde berdea delako, Bakersfielden kontrakoa dena, basamortua baita…

Zer da han maite duzuna ? Ez duzuna maite ?

Hemen zinez gustatu zaidana euskaldunen arteko elkartasuna da. Euskaldun guztiek elkar ezagutzen dute, eta lagunak dira. Euskal Herritik euskaldun bat etortzen delarik, berehala haien artean integratzen dute.

Euskal Herriko eguraldi goxoa faltatzen zait, Bakersfielden bero gehiegi egiten duelako: udan 40 eta 45 graduren arteko tenperaturak dira…

Euskal Herrirat itzultzeko ideia duzu ?

Abuztuan itzultzen naiz Euskal Herrira, hemen zaila delako 6 hilabete baino gehiago egoitea, Visa arazoengatik. Itzultzeko gogoekin? Bai eta ez…