2025an Eusko Ikaskuntza – Société d’Études Basques erakundeak, Euskal Hirigune Elkargoarekin partaidetzan, ikerkuntzarako diru laguntzak esleitzen ditu Euskal Herriari edota euskal kulturazko lanak sustatzeko gisan, edozein arlokoak, giza zientzietatik zientzia zuzenetara.
Hementxe aurkitzen ahal dituzu aurreko urteen saridunen lekukotasunak:
Alaia Cachenaut
Ikerle gazte gisa, dirulaguntza honek bi ekarpen nagusi ukan ditu ene ibilbidean. Lehena, laguntza ekonomikoa izan da. Ene landa lanaren zati bat Euskal Herritik kanpo iragan da eta bidaia horien antolatzen lagundu nau nire hastapenetan. Ene ikerlanaren ezagutarazteko balio izan dit ere, nazioarteko kolokio batzuetan parte hartzen lagundu nauelako.
Bigarren ekarpena, ene lanaren ezagutaraztea izan da Euskal Herriko sare desberdinetan. Prentsaren eta Eusko Ikaskuntzaren hedabideei esker, dirulaguntzak ene lanari erakuslehio bat eman dio eta ene lan sarea handitzen lagundu nau.
Elena Casiriain
Doktoregotza proiektu batean abiatzean, Eusko Ikaskuntzak ekartzen duen babesa funtsezkoa da: alde ekonomikoaz haratago, berme bat, konfiantza bat, ikusgarritasun bat eskaintzen ditu ikerketa munduan murgiltzen direnei. Horretaz haratago, Ipar Euskal Herriko eremuan, ikerketak euskaraz adierazteko, azaltzeko eta partekatzeko parada bermatzen du bekari esker, lurraldeko ikerleen sarean sarraraziz eta bakoitzaren lanaren aurkezteko edo argitalpenerako paradak eskainiz. Azken finean, ikerketak lurraldearen taupadarekin batera eramaiteko aukera eskaintzen du Eusko Ikaskuntzak laguntza horrekin.
Maitena Duhalde
Behar nuen momentuan errezibituriko laguntzak nire ikerketa-proiektua gauzatzeko parada eman zidan, baita nire ibilbide-akademikoan aitzina segitzeko laguntza ere bai.
Pauline Guelle
Doktorante nintzelarik Eusko ikaskuntzaren bekak lagundu ninduen ez bainuen beste finantziazio iturririk (soldatapeko lan mugatuaz aparte) bai konferentzia batzuetan parte hartzeko aukera materiala emanez baita ere errekonozimendu sinboliko bat eskainiz.
Ihintza Marguirault Arrosagaray
Eusko Ikaskuntzaren laguntzak, alde batetik lasaitasun bat ekarri dit, kezka gutxiago, beraz tesiaren idazte lanetan ongi kontzentratu ahal izan naiz, eta bestalde, tesia horrek balio bat zuela erakutsi dit, ez nintzela debaldetan ari, eta horri esker indar berritua sentitu naiz aintzina segitzeko.