Search for content, post, videos

2020ko Eusko ikaskuntza-Donibane Lohizuneko Musika sariak Utzailaren 3an 12:00tan

Datorren utzailaren 3an, 12:00 lehen aldikotz Eusko ikaskuntza-Donibane Lohizuneko Musika sarien ematea eginen da Donibane Lohizuneko herriko etxean.

 

2019an, Eusko Ikaskuntzak eta Donibane Lohizuneko hiriak beren engaiamenduak berritu zituzten baita hitzarmen berria izenpetu ere Eusko Ikaskuntzaren parte hartzea sustatuz Donibane Lohizuneko hiriarekin lankidetzan antolaturiko ekitaldi zientifiko eta kulturaletan.

 

Hitzarmen honen karietara, Donibane Lohizuneko hiriak eta Eusko Ikaskuntzak sariketa berriak sortu dituzte, bi instituzioek musikarekiko duten atxikimenduari balioa emendatuz.

 

Bi sari hauek sortu dira, eskualdeko musikariekin hausnarketa eramanez gero :

 

Ohorezko sariak pertsona ezagun baten ibilbide eredugarria edo bere ibilbidean musikaren ezagutza eta musikaren defentsan parte hartu duen pertsona talde bat sariztatzen du.

 

Gazte sariaren helburua da pertsona edo talde gazte baten ibilbidea baloratzea eta musikaren inguruan lanean jarrai dezaten.

Sari hauen lehen edizioa 2020ko udazkenean izango zen, baina osasun egoerak ez digu utzi gaurko ekitaldira arte martxan ematen.

 

OHOREZKO MUSIKA SARIA – MIXEL DUCAU

Mixel Ducau, 1951 an sortu da Baionan, Euskal Herrian. Gitarra akustiko jolea da soprano, alto eta tenor saxofoi jolea ere, banbuzko klarinetean, albokan eta albokotean jarduten duelarik ere. Bere heziketa musikala Baionako kontserbatorioan jaso zuen, solfeoa, harmonia eta saxofoiaren erabilpenak ikasiz.

 

1965ean, lizeoan, bere lehen saxofoi taldea « Les Jaguars » muntatzen du. Bestalde, dantzalditako talde batzuetan ere partu hartu zuen 1969an gitarra eta ahotsa eginez.

1974 ean ospetsua bilakatu zen Errobi taldearekin, lehen talde folk-rock euskaldun sorreran parte hartuz.

 

1980ean, Xango hirukotea sortu zuen jazz garaikidea uztartuz. Hortik bi urtetara, Bordeleko « Compagnie Bernard Lubat »-rekin birak egin zituen.

 

1983an aldiz, Jean Marie Ekairekin batera Madrilgo « Orquesta Mondragonen » sartu zen bi urtez saxofoi jole gisa.

 

1985ean aldiz Parisen grabazio estudio baten sorreran parte hartu zuen eta Euskal Herrira itzultzean EITB-n emanaldi batzuetan musikari izan da.

 

Horrez gain, Zaldibobo taldearen sortzean parte hartu zuen rocka eta tradizioaren arteko nahasketa uztartuz.

 

2001ean, Caroline Phillips-ekin Bidaia taldea sortu zuten, euskal musika tradizionala eta munduko musikaren notak landuz.

 

2007an, Oreka Tx taldean sartu zen eta 2020an « Albosax » taldea sortu zuen, alboken eta saxofoien arteko soinu nahasketari jarraikiz.

 

Bestalde, Mixel Ducau-k kolaborazio frangoren bultzatzailea izan zen hala nola, Peio Ospital, Mattin Lerissa, Andoni Salamero, Thierry Biscarry edota Peio Labeguerie bezalako pertsonekin batera.

 

Urteetan zehar, 1993tik 2016ra hain zuzen ere, musikaterapian parte hartu zuen nerabeekilako tailer psikiatriko batzuetan lan eginez.

GAZTE MUSIKA SARIA – THOMAS OSPITAL

Thomas Ospital 1990an sorturiko organo jole aihertarra da. Baionako kontserbatorioan goiz sartu zen Esteban Landarten klaseko Lehen organo saria irabaziz 2008an.

 

Urte berean, Pariseko musika kontserbatorioan hartua izan zen beti ere Ziburuko San Bixenteko organoaren postuan izanez.

 

Bere ikasketak kontserbatorioan eginez, organo jole ezagun handiekin lan egin zuen, bost lehen sari irabaziz. Bestalde, 2012an, nazioarteko ibilbidea antolatu zuen Estatu Batuetako Saint-Louis hiriko  katedralan organo jolea izanez, beti ere nazioarteko lehiaketetan sari desberdinak irabaziz.

 

2015ko martxoan, Saint-Eustache elizako konkurtsoa pasaturik, eliza honetako organo handiko ko-tituluduna bilakatzen da Baptiste-Florian Marie Ouvrard-en ondoan.

 

Azpimarra daiteke bere musika lanketan inprobisazioak leku handia duela, filma batzuen soinu lanketa eginez, 2016an Etienne Comar-en Django filmaren hotsak landuz.

 

2017tik Harmonizazio irakaslea da Pariseko musika eta dantza kontserbatorioan nun harmonia irakasten duen soinuaren ikasketetan dabiltzan ikasleei. 2021ean aldiz, organo irakaslea izendatua izan da Michel Bouvard organo jole ezagunaren oinordekotza hartuz.

 

Bere ibilde musikalean zehar, hainbat sari irabazi ditu, hala nola, 2009an Zaragozako lehiaketaren lehen saria edo Maurice Duruflé eta Publikoaren saria 2012eko Chartes-eko sariketa famatuan. Horrez gain, Xavier Darasse nazioarteko lehiaketan bigarren saria irabaziz 2013an, Florentz sari handiaren lehen saria eraman zuen Pierre Pincemaille sariketaren baitan.

Honen harira, 2014ean ere Chartres-eko sariketa handian bigarren saria irabazi zuen, Publikoaren saria baina baita Jean-Louis Florentz saria ere.

 

Organo jole gazte honek hainbat disko ekoiztu ditu ere izan 2015ean, 2017an edota 2018ean.